1920an, Irungo Karrika Nagusiko San Ramon jaiak zirela-eta Irunen elkarte bat sortzeko ideia forma hartzen hasi zen. Hauek izan ziren sustatzaileak: EUSEBIO SORS jn., ANTONIO ESTOMBA jn., IGNACIO SISTIAGA jn., MIGUEL SANCHEZ jn. eta JOSE NARVARTE jn.
1922ko martxoaren 26an inauguratu zen IRUN'GO ATSEGIÑA elkartearen lehenengo egoitza soziala (izen horrekin bataiatu zuen Gregorio Zambudio bazkideak), Karrika Nagusiko 21. zenbakian, antzinako Euskalduna Ostatua kokatuta zegoen tokian. Orduan, Udalak elkarteari hiriko armarria gure banderan erabiltzeko baimena eman zion.
Elkartearen sortze ofiziosoa San Martzialeko Lehenengo Batailaren IV. mendeurrenarekin (1522) bat etorri zen. Hori zela eta, bazkide eta artista batzuek, Gaspar Montes Iturrioz, Bernardino Bienabe Artía eta Máximo Michelenak, "1522-1922, PAX" inskripzioa zeraman eta San Martzial ermita irudikatzen zuen gurdi bat egin zuten; geroago, lelo horixe bilakatuko zen elkartearen leloa.
1925eko apirilaren 25ean, Ricardo Rodriguez hiriko alkatea zenean, San Marcos egunean, udalaren partetik "Ospitale-Egoitzaren Amabitxia" titulua eman zitzaigun ofizilaki.Egoitza sozialak behin behineko aldaketa izan zuen, Irungo kale berean kokatuta zegoen Gure Txokoa ostatura trasladatu zen, eta handik gutxira, berriro ere lehengo tokira aldatu zen.
Espainiako Gerra Zibilean, 1936an eta 1937an, bazkideak Larretxipi kaleko 6. zenbakian eta Fermin Calbetón kaleko 15. zenbakian biltzen ziren. Geroago, Karrika Nagusira itzuli ziren, hain zuzen ere, "Nueva Posada" deitutako lehenengo pisura (17. zenbakian). 1947an, lokal horietan ospatu ziren zilarrezko ezteiak.
Elkartea sortu zenetik, lokal sozial propioa edukitzea izan zen bazkideen ideia. Eduardo Cortijo García presidentea hasi zen gestioak egiten (1955ean aukeratu zuten presidente); eta hainbat oztopo gainditu behar izan zituen: lurzorua lortzea, Banco de Irunen bidezko diru-mailegu bat eskuratzea lurzorua erosteko, gune hartako hondakinak kentzea eta kontratista bat eta arkitekto bat bilatzea.
Azkenean, 1964an, San Martzial kaleko 9. zenbakiko lokalak inauguratu ziren. Lokalak atal hauek zituen: jaietarako gela, bilera-gela, liburutegia, jangela, sukaldea eta zaindariarentzako etxebizitza. Gertaera betikotzeko, marmolezko plaka bat desestali zen. Bertan, orduko zuzendaritza batzordekideen izenak idatzita daude.
Ongintza bultzatzea izan zen elkartearen helburu nagusienetako bat. Ibilbide humanitariaoren lehengo urteetan, elkartea diru-kopuru handiak eta objektuak inbertitzen aritu zen hainbat ongintza-zerbitzu emate aldera, hona hemen horietako batzuk:
Elkartea fundatu zen urtean hainbat tonbola eta jaialdi antolatu ziren Afrikan borrokan zebiltzan soldaduen alde. Urte hartan ere hasi zen behartsuenganako laguntza, hain zuzen ere Irungo ospitale-egoitzan zeudenenganakoa. Haiei, beste laguntza batzuen artean, San Markos eguneko OPILA ematen zitzaien. Elkartearen ekitaldi tradizional hori 1924ko apirilaren 25ean hasi zen.
Era berean, 1925etik aurrera, Babesetxeko umeek Errege Magoek Ekialdetik ekarritako opariak jasotzen zituzten ( Errege Mago eta morroi jantzitako sei bazkide).
1928an, Madrilgo Teatro Novedadeseko sutea gertatu zen. Biktimen aldeko laguntza ekonomikoa eskaini zuen Elkarteak berehala. 1931ean, berrehun familia eta zazpiehun ume irudarrek jaso zuten sorospen-laguntza. Urte hartako negua ohi baino askoz hotzagoa izan zenez, neguko jantziak banatu ziren haien artean. Azpimarratzekoa da elkarteak izan zuen deitale garrantzitsua: 1965ean 10 litro odol eman zion Paueko Ospitaleari. Hori zela eta, hiri hartako udalak zilarrezko domina eman zion elkarteari. Elkartean bertan eratu zen odol-emaileen lehen taldea. Bestalde, hemen gogoratzen dugu Pirinio Atlantiar Departamentuak emandako domina ere jaso genuela (ASSOCIATION NATIONALES DES DONNEURS DE SANG elkartearen domina). Gaur egun, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko ohorezko bazkidea da gure elkartea. Egin dituen gizatearen eta kulturaren aldeko jarduerak direla eta, goraipamen asko eta asko jaso ditu gure elkarteak itzal handiko hainbat pertsonaren eskutik. 1966ko uztailaren 12an Camilo Alonso Vegak emandako ONGINTZAREN GURUTZEA lortzea oso garrantzitsua izan zen. Herri-harpidetzaz ordaindu zen Gurutzea, eta 1967ko apirilaren 23an ezarri zen gure estandartean. Egun hartan bedeinkatu zen elkartearen bandera eta aipatutako Gurutzea ere bai.
Arestian esan bezala, 1925etik, Irun'go Atsegiñak opariak eramaten ditu ospitale-egoitzara. Irungo Udalak Errege-Kabalgata urtero antolatzeko eskatu zion elkarteari. Era berean, Inauterien hasierako Kaldereroen Konpartsa antolatzeaz ere arduratzen da. Primo de Riveraren eta Francoren diktadurak izanda ere, konpartsa berdin atera zen kaleetan zehar eta Inauterietako desfileetan ere parte hartu zuen.
Karta txapelketak maite dituztenentzat, beste elkarteek mus txapelketak antolatzen dituzten bezalaxe, Txapelketa Soziala antolatzen du gure elkarteak eta geroago, Munduko Txapelketarako puntuatzen duen "Irun Hiria" txapelketa antolatzen du.
Bestalde, Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa ere antolatzen du, Irungo jai guztietan, bai Inauterietan bai Euskal-Jiran, eta San Pedro eta San Martzial zaindarien jaietan ere bai. Irundar askoren memorian oso erraza da gure konpartsaren irudiak aurkitzea: haien artean, badira buru ikaragarri horien tamaina eta puxikekin jotzen ari direla ikusita erabat izututa dauden umeen aurpegiak, baita bilobak disfrutatzen edo izutzen ikusten ari diren aitona-amonen irudiak ere.
Hiriko beste ekitaldi garrantzitsua Euskal Jira da. Esan behar da Irun'go Atsegiña dela ekitaldi horren aitzindaria.
Elkarteak musikaren esparruan ere badu zer esanik, Musikaren Irungo Fundazioko Batzordeko partaide baita.
Zortzi erraldoik eta zortzi buruhandik osatzen dute konpartsa.
Konpartsa egun jakinetan ateratzen da, Inauterietan, San Pedro eta San Martzial zaindarien jaietan, eta Euskal-Jiraren desfilean, baserritar bikote erraldoiak hasiera ematen dio desfileari.
Fanfarrea 14 musikari finkok osatzen dute, eta kopuru hori handitu egiten da zenbait saiotarako.
Instrumentuen arabera, gure fanfarrea honela dago osatuta: 3 tronpeta, tronboi 1, 2 bonbardino, tuba 1, 2 saxo tenor, 3 saxo altu eta 2 perkusio.